Simon UberaZarautz

“Barazki eta fruta kalitate eta barietate handiena eskeintzeko ikasten jarraitu nahi dut”
Nire oinarria ingurugiroa eta lurra errespetatuz elikagaiak ekoiztea da.
Zergatik egiten duzu lan ekologikoan?

Aukeratzeko orduan ez nuen gehiegi pentsatu, nahiko erabaki naturala izan zen; niretzat naturalena eta onena nahi badut, baita ingurukoentzat ere. Nire oinarria ingurugiroa eta lurra errespetatuz elikagaiak ekoiztea da, eta eredu ekologikoak hori ahalbidetzen dit.

Noiz eta nola hasi zinen lanean?

Duela lau urte hasi nintzen, baratza ekoizpen ikasketak Zabalegiko eskolan egin eta Astigarragako Lizardi baserrian praktikak egin ondoren. Nekazal munduak txikitatik erakartzen ninduen eta aukera heldu zitzaidan bizitza apustu honi ekiteko.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Gizartean orokorrean ez dut ikusten baserriko lana asko baloratzen denik, baina kontsumo taldeen inguruan nabari da mugimendu pixka bat. Badago supermerkatuak albora utzi eta baratzak zuzenean ezagutzeko eta gozatzeko gogoa duen jendea. Positiboak izan behar dugula uste dut, badagoela zerbait aldatzeko gogoa eta kontsumitzaileak gehitzen doazen heinean, gero eta ekoizle gehiago animatuko dira hasten.

Zein proiektu dituzu buruan?

Ahalik eta kalitate eta barietate handieneko barazkiak egin, oraindik asko bai dut ikasteko. Epe laburrera saskietara fruituak ere gehitu, baita denda eta azoketara iritsi. Bestalde, baratza haur eta gaztetxoei gerturatu nahi diet, eskolekin elkarlanean. Ingurugiroari errespetua eta elikadura onak duen garrantzia eskoletara hurbiltzeak asko motibatzen nau, uste dut beharrezkoa dela gure gizartean.